XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zen baketsuagoa izan Aranit Komenek Bizantzioko enperadorearen familiarekin egin zuen ezkontza-konponketa, baina, Tanux Topiaren hartan ezkontzak haserrea sartu bazuen, hauenean kontrara, hark baretu zuen zerabilten ahakarra.

Aranit Komene eta Bizantzio arteko liskarra Orikun-go antzinako itsas baseak sortu zuen.

Hain zuzen, Bizantzio estualdian zebilela aprobetxatuz, dokumentu zahar batzuk azaldu zituen printze albaniarrak, non ere agertzen baitzen, Erromatarrek okupatu eta berritu baino lehen Illyriarena, alegia, oraingo Arberiarena zela Orikun.

Eta enperadorearekin hasi zituen hizketa-bideei bukatzeko betarik utzi gabe, erasoa jo baseari, eskandinabiar mertzenarioz osatutako goarnizio batek defendatzen zuenari, eta erdia okupatu egin zuen Aramitek.

Ahalik azkarren bere printzesetako bat emaztetzat eskaintzera aurreratu zitzaion orduan Bizantzio, gutxienez basearen parte bat, eta inguruetako hondartza koskorrak, enperadore beraren jabetzako zirenak, utz ziezazkion.

Diotenez, turkiarrak ari dira orain beren ahaleko guztiak entseiatzen Aranit Komene basea lagatzera behartzeko.

Ikaragarrizko dirutzak agindu ere egin omen dizkiote printze zaharrari, baita honen semearentzat beren printzesetariko bat eskaini ere, basearen parte bat, dagokion erdia, haiei itzultzearen ordainetan.

Baina, lurreko printzesarik ederrenaren truke ere ez lukeela Orikun emango, erantzun omen die Aranitek.

Egon ere, ez lurrean ez itsasoetan ez omen dagoela-eta base hori bezain printzesa ederrik.

Azkenaldi honetan, gero baino gero sarriago ageri dira turkiarrak Balkanetako eskualdeetan.